domingo, 14 de enero de 2018

Ipuina DBH: BAKE PERFEKTUA

Behin batean errege batek sari handia eskaini zuen pintura batean bake perfektua irudikatzea lortuko zuen artistarentzat. Artista asko saiatu ziren. Erregeak, pintura guztiak ikusi eta ikusi ondoren, bi bereizi zituen.

Lehenengoan oso laku geldia eta barea agertzen zen. Lakua ispilu perfektua zen, inguruko mendiak islatzen zituen ispilua. Mendien gainetik oso zeru urdina ikusten zen, laino zuri leunez jantzia. Margolan hau ikusi zuten guztiek irabazlea izango zela uste zuten, bake perfektua erakusten baitzuen.

Bigarren pinturak ere mendiak zituen. Baina mendiok aldapatsuak eta harritsuak ziren. Mendien gainetik zeru ilun eta bortitz beldurgarria ageri zen, eta zaparrada gogorra, tximista eta guzti, dena bustitzen. Menditik behera bitsez gainezka zetorren uharrak burrunba egiten zuela zirudien. Honek guztiak, egia esan, ez zuen bakerik iradokitzen.


Baina erregeak, margolanari arreta handiz begiratu zionean, ikusi zuen ur-jauziaren atzean, haitzaren arrakala batean, zuhaitz txiki bat. Zuhaixkaren adartxoetan, habia bat. Eta ur-jauzi bortitzaren burrunba-hotsaren erdian, txoritxoa lasai habiaren barruan...

- Bake perfektua?

- Zein izan zen, zure ustez, margolan saritua?

Erregeak bigarrena aukeratu zuen. Badakizu zergatik? Hona hemen Erregearen azalpena:

“Bakea ez da zaratarik gabeko, arazorik gabeko, lan gogorrik gabeko edo minik gabeko lekuan egotea. Bakeak esan nahi du, horiek guztiak diren lekuan egon arren, gure bihotzaren barrenean lasai egotea. Horixe da bakearen egiazko esanahia”. 


Gogoetarako galderak:
- Bakea marraztu beharko bazenu, nolako marrazkia egingo zenuke?
- Ipuinean azaltzen diren bi ipuinetatik, zei aukeratuko zenuke?
- Zer da zuretzako bakea?

Uso zuriak irakatsi nahi digu
gerrarik gabeko mundua
behar dugula lortu.
Alaitasuna, bakea eta maitasuna dakarzkigu
eta gu denok hobeto bizitzea nahi du. 

No hay comentarios:

Publicar un comentario