sábado, 30 de septiembre de 2017

Gogoeta: PERTSONA ABERASTEA lortzen dugu.



   Zenbaitetan ezgauza sentitzen zara. Zenbait gauzaren aurrean ezgauza… problema bat ebazteko, arazo bati aurre egiteko. Zenbaitetan porrota nabaritzen duzu azterketa batean, edota lagunekin, edota etxean, edota… eta zalantzatan hasten zara. Zure ahalmena eta balioa zalantzatan jartzen duzu eta etsipen esaldiak erabiltzen dituzu: “ezin dut”; “nik ez dut balio”, “besteak hobeak dira”… Zuere burua GEZURRETAN ari da: Uste duzuna baino gehiago ahal duzu. Guztiok dugu indar handi bat gure barnean, guztiok ditugu ahalmen izugarriak gure barruan. Fruitu asko eman dezaketen gaitasunak ditugu. Ez galdu zeure ametsak eta zeure bideari eutsi.

   Une batez begiak itxi eta nolakoa zaren pentsa ezazu. Zer bereizten zaitu besteengandik? Zertan zara trebea? Zerekin gozatzen duzu? Zer daukazu besteei erakusteko? Guztiok dugu altxor bat geure barnean eta guztiok abileziak ditugu gure barruan. Trebetasun desberdinei esker gizarteak aurrera egiten du. Imajinatzen al duzu guztiok matematikatan trebeak izango bagina, baina oso txarrak eskulanetan? Mundua zehatza eta kalkulatua izango litzateke, arte lanik gabekoa, tristea… Beraz, argi izan guztion abileziak ezin bestekoak direla eta besteekin elkarbanatu behar ditugula. Zuk ere zeure abileziak dituzu. Hortaz, guztion artean mundua kolorez betetzen dugu.

   Zeure buruari galdegiozu: “Zertan naiz ona? Zein dira nire abileziak?” Zuk egiten duzun edozein gauza balio du, gauza asko baitaude: margotzen, dantzatzen, kantatzen, kirolak egiten, lagunak izaten, besteen aurrean hitz egiten, ordenagailua erabiltzen, argazkiak ateratzen, sukaldatzen, naturaz gozatzen…

   Eta zu, zertan zara trebea?

   Gogora ezazu:

   ZURE ETXEA ZAINTZEN BADUZU, PERTSONA ABERASTEA LORTZEN DUZU.


domingo, 17 de septiembre de 2017

Ipuina: NOLAKOA DA ZURE ETXEA?

Gaur klaseko lehenengo eguna da eta ikasleak oso urduri daude ikasturteari hasiera emateko eta nola ez, haien lagunekin topo egiteko. Irakaslea zain dago gela barruan, material guztia txukun eta prest duelarik. Egun berezia da, ikasle berri bat etorri baita Mulo herritik, hau da, Afrikatik. Ikasleei ez zaie arraro egingo, guztiak herrialde ezberdinetatik baitatoz. Guztiak gelan sartu bezain pronto, beraien tokietan eseri dira eta irakaslea agurtu dute. Orduan, irakaslearen txanda iritsi da:

       
          - Egunon guztioi, zer moduz zaudete? Zer moduz pasa duzue udara?

Ikasle guztiak aldi berean erantzuten ahalegindu dira, baina irakasleak txandaka hitz egiteko eskatu die. Badirudi denek primeran pasa dutela eta asko gozatu dutela beraien oporretan. Guztiek parte hartu dutenean, irakasleak hartu du hitza berriro:

 -   Konturatuko zineten bezala, ikasle berri bat dugu. Nasha du izena eta Afrikan dagoen Mulo herritik dator. Zer iruditzen zaizue bakoitzak bere herrian etxeak nolakoak diren eta nola bizi zareten kontatzen badiozue?

Beti bezala Rob-ek altxatu zuen eskua hitz egiteko.

-  Ni New York-en bizi naiz. Bertako etxeak oso garaiak dira, batzuetan 50 solairu ere izatera iristen dira. Solairu bakoitzean etxebizitza ezberdinak daude eta bakoitzean familia bat bizi da. Ni 14. solairuan bizi naiz nire gurasoekin. Leiho handi-handiak ditugu, kristaletatik hiriaz gozatu ahal izateko. Eta leku batetik bestera mugitzeko metroa erabiltzen dugu, distantziak oso handiak izaten direlako.

Jarraian Mariak hartu zuen hitza, hau colombiarra dugu.

Ni Colombiako herri txiki batean bizi naiz. Bertako etxeak askoz ere txikiagoak dira, izan ere, gehienez bi solairu baitituzte. Gehiengoak adreiluz eginak daude eta teilatu xume bat dugu eguzkitik babesteko. Normalean familia handietan bizi gara. Nire kasuan, aiton-amona, izeba-osaba, lehengusu eta gurasoekin bizi naiz. Leihoak eta ateak maiz irekiak uzten ditugu, oso leku segurua baita, eta inguruko jende guztiarekin harremana baitugu.

Japoniako Ikuto-k ere bere bizimodua nolakoa den partekatu nahi zuen Nasharekin:

Nire herriko etxeak egurrez eginak daude eta baxuak izaten dira. Ez dute lurra ukitzen eta horretarako zutabe moduko batzuen gainean eraikitzen ditugu. Logelak banatzeko ez ditugu adreiluzko paretak, mugitzen diren paperezko panelak baizik. Guztietan debekatuta dago oinetakoekin sartzea. Oinetakoak kanpoan uzten ditugu eta oinutsik ibiltzen gara. Gure herriak oso lasaiak dira eta ez da oihu eta zaratarik entzuten.

Segituan Malenek hartu zuen hitza:

    - Ba ni Euskal Herrian bizi naiz, eta badago oraindik jendea baserrietan bizi dena, nire amona adibidez. Askotan joaten gara hura bisitatzera. Baserria nahiko handia da eta sukaldea da honen gelarik garrantzitsuena, hau da, gelarik biziena. Bertan familia guztia elkartzen gara arratsaldero, amonaren kontuak entzuteko irrikitan. Kanpoaldean, baratza eta ukuilua dago, baserri guztiak landa paisaietan baitaude.

Gauza interesgarri hauek entzun eta gero irakasleak Nashari eman zion hitza, Mulon etxeak nolakoak diren galdetuz:

 - Ba entzun dudanarekin alderatuz, nire etxea askoz ere handiagoa da. Ez dakit oso ondo non hasten den ezta non bukatzen den ere. Bertan familia asko bizi gara elkarrekin, eta guztiok komunitate bat osatzen dugu, non denen artean elkarlaguntzen garen. Animaliak eta naturak ere funtsezkoak dira; ezin gara beraiek gabe bizi. Bestalde, gure etxea polita eta garbia mantentzea ez da erraza, baino denen artean saiatzen gara.

       - Baina nola da posible etxe hain handia izatea eta familia asko bertan bizitzea? Ez dut sinesten!- Esan zion Rob-ek.

      -  Ba kontatu dizuedana egia da. Nire etxea erraldoia da, eta borobila gainera.- Erantzun zion Nashak.
      -  Borobila?! Nola izan daiteke hori?- Galdetu zuen Mariak harriduraz.

    Ez al zarete konturatu? Nire herriarentzat eta niretzat, etxea Lurra da, hau da, gure planeta! Ez al zarete konturatzen zein garrantzitsua den gure planeta guztion artean zaintzea? Ez badugu Lurra ondo zaintzen, non eraikiko dituzue zuen etxe politak? Eta gure planeta hondatuko balitz, nola izango zen posible gure kultura eta bizimodua mantentzea?

     
    - Oso ondo! Zurekin guztiz ados nago – esan zuen irakasleak – Guztion etxea Lurra da, eta ezinbestekoa da hau ondo zaintzea. Planeta ingurune fiskoaz gain, hau da, naturaz gain, izaki bizidunek ere osatzen dute. Beraz, ezinbestekoa da natura ondo zaintzea, baita bertako izakiak ere. Ikusi dudanez, zuetako batzuk naturarekin harremana duzue, baina beste batzuk ez; eta talde hau gero eta handiagoa da. Momentu honetan Lurra nahiko kalteturik dago, eta arazo larri hau konpontzeko unea iritsi zaigu. Zer egin dezakegu gure ETXEA zaintzeko?

Hausnarketarako galderak:
       
      - Inoiz pentsatu al duzu gure benetako etxea Lurra dela?
       -  Gure ETXEA ESKOLA balitz, zer zainduko genuke ikasturte polita izateko?
      -  Eskolan ze ekintza zehatzak egin ditzakegu ikasturte polita izateko?
- Prest al gaude ikasturte honetan gauzak aldatzeko?