miércoles, 9 de mayo de 2018

Ipuina: BATASUNEAN INDARRA




Nekazari zahar baten semeak bata bestearekin haserreturik zeuden. Egun batean aitak denei irakaspen bat ematea erabaki zuen. Dei egin eta zenbait makiltxo estu ekartzeko agindu zien. Ondoren, makiltxo estu guztiak sorta batean lotu zituen.

Gero, semeei sorta apurtzeko eskatu eta zera esan zien: “Nire ondasun guztiak utziko dizkiot sorta hau apurtzen duenari”.

Semeak, bata bestearen atzetik, sorta apurtzen saiatu ziren: bai belaunen gainean jarrita, bai indarrez bihurrituz, bai… Baina makiltxo-sorta ez zen erdibitzen, ez zen apurtzen. Sendoa eta gogorra zen.

Azkenik, aitak apurtezina zirudien makiltxo-sorta berari emateko eskatu zien. Makiltxo estuak sortatik banan-banan atera eta apurtu zituen.

Semeek harrituta begiratu eta esan zioten:

- Aita, hori guk ere egingo genukeen!

Eta aitak esan zien:

- Irakaspen hau utzi dizuet, ondasunik onena izango baita zuentzat. Egin gogoeta: Zuok makiltxo estu horiek bezalakoak zarete. Hortaz, ene semeok, anaiarteko maitasunean bizi bazarete, indartsuak eta menderaezinak izango zarete, baina haserretu eta banantzen bazarete, erraz garaituko zaituztete. Zuon arteko batasunak/elkartasunak indartsu egingo zaituzte.


GOGOETARAKO GALDERAK:

-      Zer esaten digu istorio honek?
-      Zergatik irakurgai hau aste honetan?
-      Zer egin dezakegu guztiok bat egiteko? Zer zaindu beharko genuke zure iritziz?

No hay comentarios:

Publicar un comentario