domingo, 29 de abril de 2018

GOGOETA: SOLIDARIOAK izaten, gure ETXEA zaintzen dugu.


Santa Juanaren antzera,
SOLIDARIOAK izaten, gure ETXEA zaintzen dugu.


Hilabete hau oso berezia da gure eskolarentzat eta munduan zehar Mariaren Lagundiak dituen beste eskolentzat ere. Gure fundatzailearen eguna ospatuko dugu eta hori ez da txantxetako gauza! Eskolan hasi zinetenetik entzun diguzue irakasleoi Santa Juanaren inguruan hitz egiten eta egindako lan izugarria goraipatzen. Baina gure helburua ez da bere istorioa buruz ikastea, baizik eta Santa Joanaren pausuak jarraitzea da gure helburu nagusia, alegia.

Urtero Juanaren ezaugarrietako bat izaten da protagonista, eta aurtengoan “solidario izatea” izango da. Juanak asko sufritu zuen bere bizitzan zehar izandako arazoengatik, baina guztietatik aurrera eginez atera zen. Nola lortu zuen? Ba ez dago misterio handirik; bere nahiari esker atera zen aurrera, beti bere bihotzari entzuten baitzion. Zenbaitetan nahi ditugun gauza guztiak ezin ditugu bakarka egin. Joana oso emakume eta pertsona onez inguratu zen.

Gu ere egunero pertsonez eta lagunez inguraturik gaude eta hauekin harremanetan egotea ezinbestekoa da. Batzuetan ez da erraza gauzak guk nahi ditugun bezala egitea, besteekin adostasun batera iritsi behar dugu eta. Baina horretaz gain, oso garrantzitsua da gure inguruko pertsonak oso ondo zaintzea. Eta horretarako daukagun armarik handiena maitasuna eta solidario izatea da. Gure lagunak maitasunez tratatzen baditugu eta gugatik egiten dituzten gauzengatik eskerrak ematen baditugu, zaila izango da arazoak sortzea.

Ez zaigu gehiegi kostatzen eskerrak ematea, azken batean hitz bakarra da. Baina benetan bihotzetik ateratzen bazaigu, guztiz baliotsua izango da ingurukoekin gustura sentitzeko. Guztiei gustatzen zaigu egiten ditugun gauzengatik eskerrak ematea; eta horretarako guk ere eskerrak ematen ikasi beharko dugu. Ez ahaztu Kongon dugun MULO proiektuko pertsonak gurekin erabat kontent daudela, azkenean beraien eskola mantentzea lortu dute eta. Hala ere, guk ere beraiei eskerrak eman behar dizkiegu, asko ikasi baitugu, besteak beste, solidarioak izaten.

Beraz, Santa Juanaren antzera,
SOLIDARIOAK izaten, gure ETXEA zaintzen dugu.




domingo, 22 de abril de 2018

Biodeak: ZAIN DEZAGUN GUZTIONA DEN ETXEA

Frantzisko Aita Santuaren mezua: ZAINDU DEZAGUN GUZTIONA DEN ETXEA



CARITASEk bidaltzen digun mezua: GUZTION LEKU, GUZTION ETXEA


domingo, 15 de abril de 2018

Ipuina: Asisko San Frantzisko


Frantzisko Asisen (Italian) jaio zen, 1182. urtean.  Gaztaroa dibertsiorik dibertsio eman ondoren, konbertitu egin zen. Gurasoen ondasunei uko egin zien eta bere burua erabat Jainkoari eskaini zion. Pobrezian eta Ebanjelioaren arabera bizi izan zen, denei Jainkoaren maitasuna predikatuz. Bere jarraitzaileei zenbait arau zuhur eman zizkien, gero Aita Santuak onetsiko zituen arauak. Frantziskotar Ordena fundatu zuen. Gero bere jarraitzaileetako emakume batek, Santa Klarak, San Frantziskogan inspiraturik, Klaratarren ordena fundatu zuen.

Frantziskok bere bizitza behartsuei eta abandonatuei laguntzen eman zuen, eta behartsuen artean behartsuena izan zen. Beharbada legenardun batekin topo egiteak aldatu zion bizimodua. Egun batean, Asisko lautadatik zaldiz paseatzen ari zela, legenardun batekin egin zuen topo. Eskalearen zauriek izutu egin zuten, baina ihes egin ordez, limosna bat hartzeko eskua luzatzen zuen gizonaren ondora joan zen. Frantziskok ulertu zuen Jainkoaren erabateko maitasunerantz pausoa eman behar zuela eta, borondateak nazka naturalari gehiago eginda, musu bat eman zion. Keinu hark, Espiritu Santuak eragindakoak, bizitza goitik behera aldatu zion.

San Frantzisko Asiskoak abereekin hitz egiteko eta berauek menderatzeko ahalmena zuen. Abereekiko komunikazioak izadiarekin kontaktuan bizitzera, izaki bizidun ororekiko errespetua aldarrikatzera eta berauei anaia/arreba esatera bultzatu zuen. Anaia eguzkiari eta arreba ilargiari gorespen-kantua egin zien.

Santu honen bizitzari buruzko idazkien arabera, animaliek entzun eta ulertu egiten zioten eta agintzen ziena betetzen zuten. Santuak ardiak jaten zituen eta gizakiei eraso egiten zien otso basati bat hezi omen zuen. Uste zuen izaki bizidun guztiak eta naturako elementuak izaki bereziak direla, Jainkoak eginak. Txoriekin hitz egiten zuen eta Jainko sortzailea goretsi behar zutela eta jasotakoagatik eskerrak eman behar zizkiotela esaten zien.

Gure etxea zainduz, PLANETA ERRESPETATZEA lortzen dugu



ASISKO FRANTZISKO DONEAREN OTOITZA


Goi-goiko ahalguztidun Jaun ona,

zureak gorespenak, aintza, ohorea eta bedeinkapen dena.

 

Zuri, Goi-goiko horri, dagozkizu bakarrik,

eta ez da gizakirik zu aipatzeko duin denik.

 

Goretsia zu, ene Jauna, zeure sorkari guztiekin,

batez ere anaia eguzki jaunarekin:

bera da egun-argia eta berarekin diguzu egiten argi.

Eder eta distiratsu da dirdira bizitan:

zure, Goi-goiko horren, irudi da.

 

Goretsia zu, ene Jauna, arreba ilargi eta izarrengatik:

argi, bitxi eta eder dituzu zeruan jarri.

 

Goretsia zu, ene Jauna, anaia haizearengatik,

eta aire, laino, oskarbi eta edozein eguraldigatik:

beronen bidez ematen diezu mantenua zeure sorkariei.

 

Goretsia zu, ene Jauna, arreba urarengatik:

txit ongarri da, apal, bitxi eta garbi.

 

Goretsia zu, ene Jauna, anaia suarengatik:

beronen bidez argitzen duzu gaua

eta ederra da, alaia, sendoa eta indartsua.

 

Goretsia zu, ene Jauna, gure arreba ama-lurragatik:

berak gaitu mantentzen eta gobernatzen,

eta hainbat fruitu, lore koloretsu eta belar sortarazten…

 

Gorets eta bedeinka ezazue nire Jauna,

eman eskerrak eta apaltasun handiz zerbitza

sábado, 7 de abril de 2018

Gogoeta: Gure etxea zainduz, PLANETA ERRESPETATZEA lortzen dugu


Elementu garrantzitsua da ingurunea. Gutako nork nahiko luke nahas-mahasean, zaborrean, zikintasunean,… bizi? Ez da hobea, zoriontsu izateko, ingurune zainduan, garbian, ordenatuan eta osasungarrian bizitzea? Horrek esan nahi du oso garrantzitsua dela bizi garen ingurunea zaintzen laguntzea. Ingurunea da, kasurako, gure hiria, bere kale, parke, plaza, espazio publiko eta guzti. Zure ikasgela eta ikastetxea ere ingurunea dira. Eta izadiaz eta ingurugiroaz ere ari gara; horiek ere ingurunea dira. Hau guztia zaintzen dugun heinean, denok zoriontsuago bizi gaitezen laguntzen dugu.


Nola zain dezakegu ingurunea? Apurtxo bat pentsatzen baduzu, zuk zeuk emango diozu galderari erantzuna. Gainera, askotan hitz egingo zizuten gai honetaz: birziklatu, ez bota zaborrik, denon espazioak errespetatu, zikintzen duzuna garbitu, erabiltzen duzun materiala batu,…. Gauza ezagunak, ezta?

Oso aspaldi, orain 800 bat urte, oso pertsona garrantzitsua bizi izan zen Italian, San Frantzisko Asiskoa. Esaten zuen, besteak beste, izaki bizidun guztiak eta izadiko elementuak gure anai-arrebak direla, gu bezala, Jainkoak eginak izan direlako. Eta horrek, jakina, garrantzi handia ematen die. Horregatik anaia eguzkiaz, arreba ilargiaz eta arreba lurraz mintzo zen. Horrek guztiak laguntzen digu izadiari beste modu batera begiratzen eta izadia maitatzen.

Gaurko egunean, gogoratzen dugu kristauok San Frantzisko Asiskoa, ekologiaren zaindaria. Berak Gure etxea zainduz, PLANETA ERRESPETATZEA lortzen dugu.

Galderak:

Zein dira ingurune garbian bizitzearen onurak? 
Zuk nola zaintzen duzu ingurunea, izadia?
Lagun dezakezu denok ingurune hobean bizi gaitezen?