domingo, 15 de abril de 2018

Ipuina: Asisko San Frantzisko


Frantzisko Asisen (Italian) jaio zen, 1182. urtean.  Gaztaroa dibertsiorik dibertsio eman ondoren, konbertitu egin zen. Gurasoen ondasunei uko egin zien eta bere burua erabat Jainkoari eskaini zion. Pobrezian eta Ebanjelioaren arabera bizi izan zen, denei Jainkoaren maitasuna predikatuz. Bere jarraitzaileei zenbait arau zuhur eman zizkien, gero Aita Santuak onetsiko zituen arauak. Frantziskotar Ordena fundatu zuen. Gero bere jarraitzaileetako emakume batek, Santa Klarak, San Frantziskogan inspiraturik, Klaratarren ordena fundatu zuen.

Frantziskok bere bizitza behartsuei eta abandonatuei laguntzen eman zuen, eta behartsuen artean behartsuena izan zen. Beharbada legenardun batekin topo egiteak aldatu zion bizimodua. Egun batean, Asisko lautadatik zaldiz paseatzen ari zela, legenardun batekin egin zuen topo. Eskalearen zauriek izutu egin zuten, baina ihes egin ordez, limosna bat hartzeko eskua luzatzen zuen gizonaren ondora joan zen. Frantziskok ulertu zuen Jainkoaren erabateko maitasunerantz pausoa eman behar zuela eta, borondateak nazka naturalari gehiago eginda, musu bat eman zion. Keinu hark, Espiritu Santuak eragindakoak, bizitza goitik behera aldatu zion.

San Frantzisko Asiskoak abereekin hitz egiteko eta berauek menderatzeko ahalmena zuen. Abereekiko komunikazioak izadiarekin kontaktuan bizitzera, izaki bizidun ororekiko errespetua aldarrikatzera eta berauei anaia/arreba esatera bultzatu zuen. Anaia eguzkiari eta arreba ilargiari gorespen-kantua egin zien.

Santu honen bizitzari buruzko idazkien arabera, animaliek entzun eta ulertu egiten zioten eta agintzen ziena betetzen zuten. Santuak ardiak jaten zituen eta gizakiei eraso egiten zien otso basati bat hezi omen zuen. Uste zuen izaki bizidun guztiak eta naturako elementuak izaki bereziak direla, Jainkoak eginak. Txoriekin hitz egiten zuen eta Jainko sortzailea goretsi behar zutela eta jasotakoagatik eskerrak eman behar zizkiotela esaten zien.

Gure etxea zainduz, PLANETA ERRESPETATZEA lortzen dugu



ASISKO FRANTZISKO DONEAREN OTOITZA


Goi-goiko ahalguztidun Jaun ona,

zureak gorespenak, aintza, ohorea eta bedeinkapen dena.

 

Zuri, Goi-goiko horri, dagozkizu bakarrik,

eta ez da gizakirik zu aipatzeko duin denik.

 

Goretsia zu, ene Jauna, zeure sorkari guztiekin,

batez ere anaia eguzki jaunarekin:

bera da egun-argia eta berarekin diguzu egiten argi.

Eder eta distiratsu da dirdira bizitan:

zure, Goi-goiko horren, irudi da.

 

Goretsia zu, ene Jauna, arreba ilargi eta izarrengatik:

argi, bitxi eta eder dituzu zeruan jarri.

 

Goretsia zu, ene Jauna, anaia haizearengatik,

eta aire, laino, oskarbi eta edozein eguraldigatik:

beronen bidez ematen diezu mantenua zeure sorkariei.

 

Goretsia zu, ene Jauna, arreba urarengatik:

txit ongarri da, apal, bitxi eta garbi.

 

Goretsia zu, ene Jauna, anaia suarengatik:

beronen bidez argitzen duzu gaua

eta ederra da, alaia, sendoa eta indartsua.

 

Goretsia zu, ene Jauna, gure arreba ama-lurragatik:

berak gaitu mantentzen eta gobernatzen,

eta hainbat fruitu, lore koloretsu eta belar sortarazten…

 

Gorets eta bedeinka ezazue nire Jauna,

eman eskerrak eta apaltasun handiz zerbitza

No hay comentarios:

Publicar un comentario