domingo, 14 de enero de 2018

Ipuina LH: BRODEK, EGUNAREN ETA GAUAREN DRAGOIA

Iritsi zen eguna. Brodek izeneko dragoi gazteak zein alderditakoa izan aukeratu behar zuen, gau-dragoi ala argi-dragoi bilakatu behar zuen. Talde biek ezin zuten elkar ikusi, batak bestea biziki gorrotatzen zuen, arerio naturalak baitziren.

Dragoi bakoitzak, komandantea iristen zenean, zein alderditakoa izan aukeratu behar zuen. Behin aukeratu ondoren, alderdi horretako armadan parte hartzen zuen. Gehienek txikitan aukeratzen zuten alderdia eta, ondoren, urteetan entrenatzen ziren behin betiko aldaketa egin baino lehen. Baina Brodek izeneko dragoiak ez zeukan argi zein aukeratu. Eta ez zitzaion denborarik geratzen. Goizaldean, hegoak gauaren urdinez ala eguzkiaren urre-kolorez jantziko zitzaizkion. Eta hala geratuko ziren betiko… eta berak eguzkia zein ilargia gorrotatuko zuen ezinbestez.

Horregatik, Brodek basora joan zen pentsatzera. Uste zuen hantxe aurkituko zuela bere eztabaidaren erantzuna. Baina basoan, gauaren isiltasunean, ez zegoen erantzunik, ilargi zuri ederra, zilarrezko distirak zituena, baizik. Beno, eta haizea zuhaitzen hostoetan, ohi baino haize hotzagoa. Ematen zuen dragoi gazteari agur esan nahi ziola. Eta gaua, gau sakona, izarrez betea,… Ezergatik ere ez zuen nahi Brodek dragoiak argi-dragoi bihurtu eta gauaren mirari hura gorrotatu… Une horretan hegoak gauaren kolorez tindatzen zitzaizkiola sentitu zuen.

Baina gauak indarra eta iluntasuna galdu zituen, egunsentiko lehenengo argiei bidea uzteko. Dragoiaren momentu edo une faboritoetako bat zen. Izugarri gozatu zen gure dragoia zeruak hartu zuen arrosa-kolore ederraz, lehenengo eguzki-izpiaren epeltasunaz, urmaeleko uretan agertu ziren distira gorrixkez, txori goiztiarren txorrotxio alaiez… Ez zuen nahi gau-dragoi bilakatu, ez zuen nahi edertasun liluragarri hura gorrotatu.

Eta negarrez hasi aurretik, hegoen behin betiko kolorea zein zen jakin baino lehen, Brodek urmaelera joan zen hegaz. Iritsi zenean, uretan murgildu zen, bere bake-egarria asetzeko, eta gero zeruraino igo zen, ahal zuen bezain altu, lurreko injustiziatik ihes egin nahi balu bezala. Eta hango goiko hotzak hegoei eragitea eragotzi zionean, ahoa zabaldu zuen, bere sugarra jaurtitzeko, berau gastatu nahirik bezala. Hobe inoiz izan ez bazuen!

Baina sugarra atera ordez, antzigarra atera zitzaion. Antzigar-geruza leunak soro eta belardiak estali zituen, dragoiaren bake-nahiak eta urmaeleko urak miraria egin balute bezala. Eta orduantxe ohartu zen gure dragoia ez zela izango gau-dragoi, ezta argi-dragoi ere; bere hegoetako bat ilargiarena zen; bestea, eguzkiarena.


Eta noizean behin Brodek dragoiak soro eta belardiak zuritzen ditu bere arnasa magikoaz, antzigar-geruza ederraz. Ematen du munduari gogorazi nahi diola, gorrotatzen ez dakigunean, ez dagoela egunaren eta gauaren artean zertan aukeratu.

Hausnarketarako gaderak:
- Zein da gure ipuinaren pertsonai nagusia?
- Zein aukera inportantea egin behar zuen?
- Zuk zer aukeratuko zenuke, gaua ala eguna? Zergatik?
- Zer gertatu zitzaion Broderi bukaeran?
- Zein da ipuin honetako esanahia?

Uso zuriak irakatsi nahi digu
gerrarik gabeko mundua
behar dugula lortu.
Alaitasuna, bakea eta maitasuna dakarzkigu
eta gu denok hobeto bizitzea nahi du. 

No hay comentarios:

Publicar un comentario