domingo, 3 de diciembre de 2017

Ipuina: Abendualdiko lau kandelak

Atzo Abendualdiari hasiera eman genion. Dakizuen bezala, abendualdia Gabonetarako prestatzeko lau asteak dira. Denboraldi honetan Jesusen jaiotzerako prestatzen gara. Nola? Oso erraza, berak irakatsi zigun bezala, pertsona onak izaten. Horregatik, orain, hausnartzeko momentua iritsi zaigu. Zertan hobetu dezaket? Zer egin dezaket Jesus alaiago egoteko? Honekin, abendualdiari ongietorria ematen diogu. Dakizuen bezala, lau aste hauetako igande bakoitzean kandela bat pizten dugu; eta lauak piztuak ditugunean, Gabonetan gaudela adierazten digu. Honekin lotuta, goazen ipuin polit honetaz disfrutatzera.

Berandu zen, gauerdia inguru, eta gela isil-isilean zegoen. Hala, kandelen arteko elkarrizketa motela entzun zitekeen.
Lehenengoak, hasperen batez, zera esan zuen, triste-triste: “Ni BAKEA naiz! Nire argiak distira egiten du, baina gizakiak ez dira bakean bizi. Ez naute maite”.

Eta moteltzen hasi eta, azkenean, itzali egin zen.

Bigarrenak: “Ni FEDEAren argia naiz, baina hemen sobera nago. Gizakiek gauza materialetan, hutsalkerietan eta modako idoloetan baino ez dute sinesten. Ez du zentzurik piztuta jarraitzeak.

Hitzok esan baino ez, amatatu egin zen.

Hirugarren kandelak, ahots tristez eta motelez: “Ni MAITASUNA naiz! Ez dut indarrik piztuta jarraitzeko. Gizakiek alde batera egin naute eta ez dira nire garrantziaz ohartzen. Euren burua baino ez dute maite, besteengan erreparatu gabe, elkar maitatu gabe.

Eta berehala itzali zen.

Bat-batean... ume bat sartu zen gelan, pozik, kantari; gauean, oheratu baino lehen, abendualdiko koroako kandelak azkenekoz ikusi nahian… hiru kandelak itzalita ikusi zituen.

Lehenengo, harrituta begiratu zien; gero, nahigabetuta, negarrez hasteko zorian.

-          Baina, zer da hau? Zer gertatu zaizue, kandelok? Piztuta egon beharko zenukete azkenera arte, banan-banan itzali gabe.

Orduan, laugarren kandelak hitz egin zuen, lasai, sendo, ziur:

Ez beldurrik izan! Nik sua eduki artean, ez gaude galduta. Beste kandelak piztu ahal izango ditugu, ni ITXAROPENA bainaiz!”

Umeak, begi distiratsuz eta irribarre batez, mahai gainean zegoen pospolo bat hartu, piztuta zegoen kandelara, Itxaropenekora hain zuzen, hurbildu … eta piztu  egin zuen. Ondoren, banan-banan, beste hiru kandelak piztu zituen… Eta lau kandelen sua lehen baino biziagoa eta distiratsuagoa izan zen.


 


No hay comentarios:

Publicar un comentario