domingo, 11 de febrero de 2018

Ipuina: OSPITALEKO GELAN

   Gizon bi, gaixo larriak biak, ospitale bateko gela berean zeuden. Bat arratsaldero ohean eserita jartzen zuten, biriketako ura ateratzen laguntzeko. Ohea gelako leiho bakarrera begira zegoen.
   Beste gizonak denbora osoan gora begira egon behar zuen. Biak luzaroan egoten ziren hizketan.
   Emazteez eta familiez hitz egiten zuten, beren etxeez eta ogibideez, soldadutzaz, oporraldiez. Eta arratsaldero, leiho ondoan zegoen oheko gizonak, esertzen zenean, gela-lagunari leihotik hara ikus zezakeen guztia kontatzen zion.
   Beste oheko gizona ordu horiek noiz etorriko desiratzen egoten zen, orduan bere mundua zabaldu eta kanpoko koloreez janzten baitzen.
   Leihotik parke polit bat ikusten omen zen; parkean laku ederra zegoen. Eta ahateak eta zisneak uretan, umeak kometekin jolasean. Maiteminduak eskutik helduta paseoan, loreak ostadarraren koloreez apainduta.
   Leiho ondoko gizonak ezin hobeto deskribatzen zuen dena, beste aldeko gizonak begiak ixten zituen eta guztia imajinatzen saiatzen zen.
   Arratsalde sargori batean, leiho ondoko gizonak leiho aurretik zihoan desfile bat deskribatu zion. Beste gizonak ez zuen musika-banda entzuten, baina bere irudimeneko begiez beste gizonak hitz magikoez deskribatzen zuen modu-moduan ikusten zuen.
   Egunak eta asteak joan ziren... eta egun batean leiho ondoko gizonari alta eman zioten, sendatuta baitzegoen.  Gela-lagunari, estimu handiz, agur esan zion eta, pozik, bere etxera joan zen.
   Biharamunean, beste gizonak mesedez leiho ondoko ohera eramateko eskatu zion erizainari.
   Erizainak atseginez aldatu zuen beste ohera eta, eroso zegoela ikusi ondoren, gelatik atera zen. Astiro-astiro eta kontu handiz, ukondoarekin indar eginez, gizona tentetu egin zen; azkenik, kanpoa ikusiko zuen, hura bai poza! Ahaleginak egin zituen, ba, jarrera ona hartzen eta leihotik begiratzen... eta begiratu zuenean, beste aldean horma zuri bat ikusi zuen.
   Gizonak erizainari galdetu zion, orduan, beste gizonak nola kontatzen eta deskribatzen zizkion leihotik ikusten omen zituen gauza liluragarriak. Erizainak erantzun zion gizona itsua zela eta horma zuria ere ez zuela ikusten. “Beharbada, animatu nahi zintuen”.

Gogoetarako galdera:


Ipuinak eta hilabete honetako leloa (GAUZA TXIKIAK egiten baditugu, zure ETXEA zaintzen ari zara), zerikusia al daukate? Zertan?

No hay comentarios:

Publicar un comentario